Kosta Trail-ek 15 urte

KOSTA TRAIL-EN 15. EDIZIOA

URTEAK BETETZEN JARRAITZEN DUGU. ZORIONAK!

Kosta Traileko urte guztiak dira bereziak, baina aurten are gehiago, gure 15. edizioa ospatzen baitugu, lehen aldiz birtuala izango dena, gaur egun pairatzen dugun pandemiagatik. Iaz proba bertan behera uzteko erabaki gogorra hartu behar izan genuen, baina aurten, gehien behar duten kolektiboei laguntzen jarraitzeko asmoz, antolakuntzak formatu birtualaren aldeko apustua egin du, jende ez pilatzeko eta parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko.

 15 edizio horiek ezin izango ziren zuek guztiok gabe bete. Eskerrik asko 15 urte hauetan gure ondoan jarraitzeagatik. Izan ere, norbaitek galdetuko baligu nola sortu zen 2006an itsas mailako lehen mendi-lasterketa egiteko ideia, oraindik “Trail running” zer zen oso ondo ez zekitenean, esan dezakegu mendian korrika zebiltzan ero batzuen asmo erromantiko gisa hasi zela dena, eta pentsatu zutela ondo egongo zela etxetik gertu mendi-lasterketa bat egitea. “Mendiak” urrun samar geratzen zirenez, ordura arte modu arautuan (GoldRace itsaslabarrak) egin ez zen lasterketa mota egitea erabaki zuten: hondartzetan, kostaldeko itsaslabarretan eta Uribe Kostako mendietako tontor txikietan korri egitea.

2006an, mendiko lasterketa gutxi zegoen. Ezagunenak Galarleiz eta Zegama ziren, oso lasterketa gogorrak, kilometro askokoak eta mailen arteko alde handikoak. Bi lasterketa nagusi horien artean azaldu zen lotsati Kosta Trail. Bizkaiko kostaldean egiten zen lasterketak 27 kilometro eta 1.000 metroko mailen arteko aldea zuen guztira.2006ko ekainaren 27an egindako lehen edizio haren ondoren, ez genuen inor hotz utzi. Lasterkari batzuentzat, lasterketa bizkorregia zen eta ezin zitekeen mendiko lasterketatzat hartu; beste batzuentzat, aldiz, mendiaren zale amorratu batzuen hitzetan entzuten hasi berri zen mendiko lasterketen kontu horretan lehen hastapenak izateko modu ona zen; beste batzuk maiteminduta geratu ziren paisaiarekin, itsaslabarrekin, hondartzekin, hondar gainean korrika egitearekin; asfalto gainean korri egiten aspertuta zeuden korrikalarientzako ere hastapen ona zen… eta, ordutik, Kosta Trailen hitzorduan ez dute hutsik egin.

Kostaldean korri egiteko ideia horri 20 km-ko mendiko ibilaldia gehitu zioten aire zabalean, gure kostaldeko paisaia ederrenetako batez inguratuta, beste era bateko eguna erritmo lasaiagoan eman nahi zutenei zuzenduta.Kirola familiakoekin eginda gehiago gozatzen denez, hurrengo urtean txikienak gehitu genituen abentura honetara 12 km-ko familiako ibilaldiarekin.Erabaki hark, zalantzarik gabe, Kosta Trail gaztetu zuen.Txikienek kostaldea zeharkatzen zuten, bidean topatzen zituzten lasterkariak animatzen zituzten bitartean. Zalantzarik gabe, indarrik geratzen ez zen unean, ibilaldietan parte hartzen ari zirenen animo-oihuak entzunda indar berriak atera ahal izateko bultzada izaten zen.

2021ean 15 edizio beteko ditugu dagoeneko eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. 15 urteotan, lasterkariak Portugaleteko Zubi Esekiko (Gizateriaren Ondarea) gabarra pasatzen ausartu gara irteera emateko; Munarrikolanda mendiko eremuan, sekulako aldapak, labirintoak diruditen basoak, itsaslabarretan egin beharreko gora-beherak, lasterketak hondartzetan eta abarrak gehitu ditugu. Baina oso zati politak ere galdu ditugu gure ingurunea zaindu eta udan ugalketa-garaian egoten diren hegaztiak ez molestatzeko asmoz: Gorlizeko itsasargia, adibidez.

2020an egoerak behartuta geldialdia egin genuen arren, inoiz ez dugu ilusioa galdu eta aurten inoiz baino gogo eta konfiantza handiagoarekin gatoz. Zuekin guztiekin antolatu eta ospatu nahi ditugu etengabeko bilakaeraren 15 urte hauek, birtualki bada ere. Gainera, aurten hainbat neurri hartzeko erronkarekin jarraituko dugu (adibidez, birtuala denez, ez da hornidurarik egongo), ekitaldian plastikoen erabilera murrizten saiatzeko, baina, horretarako, hori lortzen lagundu behar diguzue..

Hasiera-hasieratik Kosta Trailen konfiantza izan duzuenei; gure akatsak konpontzeko bigarren aukera eman diguzuenei; geroago ezagutu gaituzuenei; gure kostaldea zeharkatzeko urrunetik etortzen zaretenei; lasterketan edo ibilaldietan familiarekin, lagunekin edo bakarrik parte hartzen duzuenei; boluntario gisa laguntza ematen diguzuenei, fisioterapeutei, udalei, poliziako agenteei, Gurutze Gorriari, babesleei, laguntzaileei… ; eta egun batean ideia eman ziguten eta Trai lRunning-az maiteminduta dauden guztiei, bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu urtez urte Kosta Trail posible izan dadin emandako laguntza, elkarlan eta ulermenagatik

ESKERRIK ASKO KOSTA TRAILEN 15 EDIZIO HAUENGATIK!