Ekitaldi solidarioa

EKITALDI SOLIDARIOA

Fundazioaren alde

GAITUZ SPORT FUNDAZIOA

KIROLA – ANIZTASUNA – INKLUSIOA – MAKING SOZIALA

GaituzSport Fundazioak aniztasuna aintzat hartzen duen gizarte inklusiboa eraikitzea du xede, baita desGAITASUNA dutenen eta ez dutenen artean Jarduera Fisikoa eta Kirola baldintza berdinetan sustatzea ere, guztien bizi-kalitatea hobea izan dadin.

Komunitatea sortzen duen plataforma da GaituzSport eta, horretarako, behar diren giza baliabideez, baliabide materialez eta laguntzez nahiz moldaketez hornitzen du, pertsonek, nork bere beharren arabera, jarduera fisikoak egin ahal ditzaten. Kirolean eta desGAITASUNean adituak diren gure profesionalek gidatuta egiten dira jarduera fisikoak, betiere aniztasuna aintzat hartzen duen ikuspegi inklusiboarekin.

Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi du jarduerarik ezak munduko biztanle guztien osasun orokorrean duela eragina, eta gaixotasun kardiobaskularren, diabetesaren edo minbiziaren prebalentzia handitu egiten duela.

Horiek horrela, biztanle guztien artean, desgaitasunen bat dutenek daukate, hain zuzen, jarduera fisikorik ez egiteko joerarik handiena, hainbat oztopo dela eta, jarduera fisikoa edota kirola egiteko zailtasun gehiago dutelako.

GaituzSport-en programetan parte hartzen duten desGAITUen bizi-kalitatea, osasun fisikoa eta mentala nabarmen hobetzen dira, baita autoestimua, autonomia pertsonala eta gizarteratzea ere.

Gurea bezalako gizarte aurreratu batek kolektibo guztien inklusioa bermatu behar du, eta kirola gizarteratzeko modu bikaina da. Izan ere, hau da GaituzSport-en nolakotasuna: “Making Soziala”, gizartearen garapen inklusibo eta onuragarriaren alde, gizarte-, kirol-, osasun- eta hezkuntza-arloetako alderdiak kontuan harturik. Sarean egiten dugu lan, inplikatutako agente guztiekin: administrazioa, gizarte-kolektiboak, unibertsitateak, osasun-profesionalak, komunikabideak…

Kosta Trail-en bilduko den dirua GaituzSport Fundazioak, jarduera eta kirolaren bitartez, desGAITASUNA dutenen onurako lau arlo hauetan sustatzen dituen programetarako gordeko da: hezkuntza-arloa, osasun-arloa, udal-arloa eta elkartze-arloa.

Bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa den gizarte inklusibo baten alde lan egiten dugu. Gurekin bat egin nahi al duzu?

www.gaituzsport.eus / @GaituzSport